Balea Zuria: poesia eta saio argitaletxe sortu berria abian da Euskal Kantauri aldean.

 

 

 

Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik osatzen dute Balea Zuria  argitaletxea. Bosgarren kide bat ere badago taldean, Imanol Larrinaga margolaria. Orain arteko jardunaldietako irudien egilea.

 

 

 

 

Balea Zuria argitaletxeko kideek ibilbide oparoa egina dute idazle gisara. Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak ere landu izan dituzte orain arte, Donostian hala nola Durangon. Argitaletxe berri hau lankidetza horren beste urrats bat da.

Balea Zuriak poesia eta saiakera literario laburrak argitaratuko ditu. Horrez gain, lehiaketa bat ere jarri du abian Donostia Kulturarekin batera: DK poesia lehiaketa izenekoa. 35 urtetik beherako idazleei zuzenduta dago, eta poeta gazteak inguratzea dute helburu.

Argitaletxeko kideak kontziente dira poesiak ez duela irakurle asko inguratzen, hala ere, poesia irakurleak sortzeko berebiziko urratsa ikusten dute poesiarako marko berri bat sortzea, baita publikatzeko aukerak ematea ere poeta berriei. Balea Zuriako lagunek diotenez, “poesiazko liburu txukun eta kalitatezkoak atera nahi ditugu, edukiaz gain, liburua objektu bezala preziatzen dugulako”.

Luis Garderen Barbaroak baratzean poemarioa da argitaletxearen lehen liburua.

 

 

 

 

BALEA ZURIA, ARGITALETXE BERRIA

 

Moby Dick gogora ekarriz sortu dute Balea zuria argitaletxe berria: “Bai, mundu guztiak dakien bezala, gogoeta eta ura betiko daude lotuta” dio argitaletxearen asmoak modu literarioan definitzen dituen Melvilleren aipuak. ‘Balea Zuria’ ahoskatzearekin batera, Leviatana, Moby Dick, itsasoa… datozkigu gogora. Oso irudi iradokitzailea da, zalantzarik gabe. Hasieratik asko gustatu zitzaien izena, eta «argitaletxearentzat ikur egokia» dela uste dute. Gainera, logoa Imanol Larrinaga artista durangarrak sortu du eta, haien iritziz, «esku ezin hobea du horrelakoak marrazteko».

 

 

Poesia eta saiakera literarioa izango ditu ardatz argitaletxe berriak, modu ezberdinetan emandako pentsamendua, hain zuzen ere. Ez kasualitatez, “Pentsamenduaren poesia” jardunaldiak antolatu dituen taldea da proiektu berri honen bultzatzailea: Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko. Gorrotxategik berak lehen liburuaren aurkezpenean aipatu zuenez, urtean 2-3 nobedade aurkezteko asmoa dute, eta Donostiako Udalarekin elkarlanean ere idazle gazteei zuzenduriko poesia lehiaketa jarri dute martxan.

Ez ditu errentagarritasunak kezkatzen, Balea Zuria irabazi asmorik gabeko egitasmoa baita, denbora librean aurrera eramango duten lan boluntarioan erabat oinarritzen dena. Baina, hala ere, bideragarritasuna ezinbestekoa dute. Zorionez, «teknologia berriei esker asko merkatu da liburuen kostua». Alde horretatik, funtsezkotzat jotzen dute «liburuen agerikotasuna». Liburu-dendetan egoteaz gain, «ekitaldiak eta errezitaldiak» antolatu nahi dituzte, «liburuei bizitza eman».

Poesiak irakurle gutxi duela aitorturik, apur horiek ‘zaintzeko’ konpromiso sendoa hartua dute. Argitaletxearen ibilbidea hasi berri den honetan, jadanik argi dute beren egitekoa: «Liburu ezberdinak eskaini, nortasuna duen ildo bati eutsi eta, aldi berean, ahots ezagunak eta ezezagunak tartekatu».

 

 

Irudian, Balea Zuria argitaletxearen editoreak.

 

 

Helburu nagusia «poesiako liburu txukun eta kalitatezkoak ateratzea» izanda, urtean soilik bi edo hiru obra kaleratuko dituzte. Kopuru txikiak mimoz lan egiteko aukera emango die. Izan ere, edukiaz gain, «liburua bera objektu gisa ere garrantzitsua» iruditzen zaie.

 

Oraingoz Luis Garderena dute lehen titulua, argitaletxearen estetika ezagutzen joateko aukera eman diguna: hondo zuria duen liburu soila, zuritasunaren gainean Imanol Larrinagaren irudi bat, koadro txiki bat osatuz; kontrazalean liburuko poema bat eskuz idatzia, bultzatzaileek eskuz esku lan egiteko duten asmoaren isla agian.

 

 

Luis Garderen “Barbaroak baratzean”, Balea Zuriaren lehen kantua

 

 

Balea zuria argitaletxe sortu berriak bere lehen liburua plazaratu du: Luis Garderen Barbaroak baratzean  poesia liburua. Bertan guztiok garen eta guztiok baztertzen ditugun arrotzei begira jarri da egilea.

 

 

Euskadi Saria jaso zuen iaz Luis Gardek Ehiztariaren isilaldia nobelagatik, baina batez ere poesiaren generoari zor dio bere ibilbidearen korpusik handiena. Barbaroak baratzean lan berriarekin poesiara bueltatu da, eta bertan egungo munduaren egoerari eta mundua osatzen dugun pertsonen izaerari begira jarri ditu bertso-lerroak.

Barbaroak baratzean liburuak metafora ezberdinak baliatuz murgiltzen da arrotz izatearen funtsean, arrotz izatearen iruditerian, hain zuzen ere: mundua eta bertako gatazkak modu bitar bezain sinplistan -on eta gaiztoen logikan- ulertzearen eta antolatzearen zama; edonor norbaitentzat arrotz izan daitekeen gogoraraztea, edonor -norbera- dela inorentzat inoiz barbaro; barbaro hitzaren oinarrian ustez dagoen hizkuntzei erreferentzia (‘bar-bar’ egiten duena da barbaroa, alegia, ulertzen ez den hizkuntza batean mintzo dena); barbaroen aurrean eraikitzen diren harresiak eta hormak aztergai, izan fisikoak edo pertsonalak; eta harresien oinarrian sarri dagoen ezezagunari beldurra.

 

 

 

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply