BAROJA ETA EUSKALERRIA

 

 

pio-baroja-caricatura[1]

 

Baroja euskaltzalea

 

Gaztelerazko idazle enblematikorik bada Euskalerrian Baroja da hori dudarik gabe. Txapela txanpinoitiarra buruan, erdibizarra masaietan, moztate eta aserrekoi fama berarekin, giputx izaeraren karikatura izatera iritsi zen. Artikulu honek Barojaren euskaltasunaz mintzatu nahiko luke, gaingiroki badaere. Kontuan izan behar dugu garaia: mende haserak euskal gauzekiko interesa piztuko du euskaldunen artean. Barojak giro hori islatuko du bere pertsonaren galbehe bereziaren bitartez. Ez baitzen sekula inongo joerarekin luze lotuko (jakinak dira anarkistekin eta erradikalekin izandako harreman behinbehinekoak) eta are gutxiago abertzaletasunarekin. Baina Baroja euskaltzalea zen, dudarik gabe, gaurregungo euskaltzale askok ulertuko ez luketen moduan.

 

Eta hasi baino lehen esan behar da Madrile izan zela bere bigarren eta kasik lehen bizilekua. Espainiko hiriburuan beste herri kultura bat ezagutu ahal izan zuen eta bertan jaso zituen bere eleberrietan hain sarri agertutako anarkista eta beste joeretako pertsonai herrikoien elkarrizketa bitxi aberatsak, Dostoievski maisuari jarraiki. Baina Madrile administralgo ustel baten kokalekua zen ere, “El arbol de la ciencia” eleberrian zein bere autobiografian Espainiar unibertsitateaz idatzitako horrialde garratzak testigu. Herria eta administralgoaren artean planteatzen du idazleak ona eta gaizkiaren arteko desberdintasuna. Barojak, Madrilen ala Euskalerrian, herriaren bizi librea du maite, instituzio, kontrola soziala eta idei haundimaundietatik aparteko berezko gizartea. Ez dago idealizazioetatik kanpora ikuspegi hau, baina gertutik ikusi eta deskribatuko du Barojak modu guztietako miseria: ogisaltzaile izanik ezagutu zuen Madrileko jende apala; midiku izanik ezagutu zuen euskal baserritarra. Gosea eta oinazearen talaietik ikusi zituen bi herri hauek.

 

1162127159_0[1]

 

 

Zeukan fede apurra gizartearen tajuzko harresien zirrizkuetatik zebiltzan pertsonai haiengan jarriko du. Horregatik maiteko du hain gartsuki garai horretan hilzorian irudi zuen gure herri txikia; joera transzedental guztietatik aparte bizitzen eta zoriontsu izaten zekielako. Abertzaleak baino abertzaleago dager horretan, abertzaleei Espainiarekiko emulazio haundinahi kutsua sumatzen bai zien. Euskalerria atsegin zitzaion apala zelako, ez harroa. Hontan ere, akaso, atzera jo dugu, eta ez aurrera, eta Baroja maisu eta eredugarri gertatzen zaigu jadanik.

 

Baroja eta Unamuno

 

Echevarria_DonPio[1]

 

Euskal gizabakarrek bere neurririk gorena kanpoan eman dute askotan. Hortxe dugu Inazio Loiolakoa, Valladolideko gortean, Manresako kobazuloan, eta azkenik Pariseko auzo pobreetan, unibertsitate titulua atera nahirik eta Erroman Jesulagundia fundatuz eta armatuz. Edota, gaurregunera etorriz, eta bestelako bokazioak direla, zenbat enpresetako exekutibo goien ezagutzen ditugun gure herritik kanpora, txikia eta meharra gertatzen delarik Euskalerria beren ekintza ahalmenaren aldean. Ahaztu gabe iraultza mundialaren profetak, Euskalerria txikia eta atzerakoia denaren aitzakiz guraso eta arbasoen mesprezua bizilege bihurtu dutenak.

 

Euskalerritik kanpora irabazpidea eta ospea izan duten euskaldunen artean Unamuno da xelebreena, bere lekuz aldatzeak konbertsio nazionala suposatu baizuen: Bilbo utziko du, Bizkaia utziko du, utziko dio ere euskal kultura eta historia arakatzeari, eta beste subjektu nazional bat, Gaztela, hartuko du banderatzat. Unamunoren kasuan, prozesu guzti hau erabaki ohartu baten ondorioz gertatzen da. Horregatik, Bilboko Lore Jokoetan bota zuen diskurtso sonatuan zioena eta Euskalerriari eskatzen ziona, bere buruarekin egin zuen lehenago. Jakina da, Jon Juaristik ondo erakutsi duenez, nazioen arteko ikuspegi darwinista ontzat ematen zuela filosofo bilbotarrak. Eta Euskalerria desagertu beharreko nazioa zen eboluzio abia horretan. Ez zuen gure nazioa ukatzen: bakarrik desagertua nahi zuen, Gaztelan galdua eta murgildua. Onartu behar zaio, hein horretan, sinzeritatea eta argitasuna bere jarraitzaile izan nahi dutenen aldean (Juaristi barne). Konkistatuak izan zaitezte, galdu ama haundiago baten altzoan, zioen diskurtso horretan. Hitz zuriak eta ebidentzien estalketa sistematikoa gerokoen lana izango da.

 

Unamuno eta Barojak ez zuten izan sekula harreman onik. Baroja izan zen askogatik kritikoena. Ahiergarri zitzaion Unamunoren filosofia, dehadarra eta profetismorako grina. Emozionalki pornografikoa iruditzen zitzaion Bilboko filosofoa. Haundimandia eta errealitatetik kanpora zebilena. Ez dakit zenbateraino izan litekeen Barojarena giputzek bizkaitar kasta bulloso eta estrobertituaren aurrean dugun ohiko erreakzioa, edota zenbateraino Barojak buelta eman nahi dion Unamunoren posturari, izaera aukera desberdina mamituz.

 

imagesCAUWTHXL

 

Oteitzak ongi zioen euskaldun haundi baten aurrean beste euskaldun haundi bat jartzen dela kontrako imajina ematen. Loiolaren aurrean Saint-Cyran; Espoz y Minaren aurrean Zumalakarregi. Hein horretan, Barojak beti hartuko du Unamunoren bestelako aukera. Bere filosofia paradoxikoaren aurrean, Schopenhauer gardena errebindikatuko du, Unamunoren borroka izpirituala panteismoaren pakearen bitartez konjuratuz; erlijiosotasun existentzialistaren aurrean, sinesgabetasun ilustratua jarriko du ere. Eta Euskalerrira bueltatuko da Espainiatik zehar urtetako erromesa pasa eta gero eta Madrilen mundu guzti bat deskubritu eta gero.

 

Esan ohi da Unamunok euskaltzale izateari utzi ziola Euskalerriko historioa pisu gutxikoa zela ikustean. Bera bezalako ego haundi eta trumoitsuko pertsonarentzat halako herri txintxo txikia meharregia zitzaion. Nahiz eta Gabriel Arestik, ondo harrapatutako paradoxaren ondorioz, esan Unamuno Salamancara joan zela Euskalerrira milaka salmantino etortzen ziren bitartean. Azkenean, eta bere isolamentua eta bakartasuna eta bere obraren mami erlijiosoa duen ahaztura kontuan harturik, lekaro larriagoa gertatu bai zitzaion Salamanca Bilbo baino, eta bakarrik hil egin zen bertan, ez lehenago Franco eta Millan Astray fatxista mutilei bere profetismoaren ukabilkada ederrena aurpegira bota gabe. Unamuno ausarta izan zen, Baroja ez bezala.

 

Barojak, berriz, kontrako bidea egingo du. Bera ez da Salamancara joango. Midiku gisa Euskalerriratuko da eta bertan bere nortasun herrikoiaren aria berreskuratuko, ahaztua eta erdi galdua zuena. Euskalerrira itzultzean konturatzen da Baroja euskalduna dela: “herriko poeta bat naiz, poeta umila, herrialde umilekoa, Bidasoako herrialdea dena. Gure herrialdea txikia da eta ez du hortzemuga haundirik. Ez dut faltan hartzen. Sinpatia haundiagoa diot txikiari, haundia eta kolosala denari baino”. Hauek dira bere hitzak “Alzateko Jaunaren Elezaharra”n. Hauxe da bere euskaltasun manifestua.

Bidasoako errepublika

 

images[7]-bueno

 

Barojaren Euskalerria geografikoki oso txikia da: Gipuzkoa (Donostia kanpoan utzirik), Bidasoaldeko aran nafarrak eta Iparraldeko puskatxo bat, Lapurdi bereziki. Herrialde honek, bere garai hortan, gauza asko batzen zituen: bertsolaritza, sagardotegiak, Olentzero eta halako paganismo ezkutu kutsua. Idatziko du Barojak Euskalerriko beste herrialdeei buruz ere, hala nola Nafarroako erribera, Arabako Errioxa eta Iruñari buruz. Baina ez ditu bere herritasun sakelean sartuko. Aukera estetikoak ezin genezake iritzi politikoarekin juzkatu, eta Barojak bere bihotzeko eremua bihurtuko du Bidasoako errepublika horixe. Berari esker, eta ez da lorpen makala, eleberrigintzaren ate zabaletik emango du gure herriaren ikuspegi estetikoa.

 

Garai horretako abertzaleei ere muzin egiten zien horrelako egitasmo estetikoarekin: sabindarren “Jainkoa eta Lege Zarra” lemaren ondoan “Urtzi eta legerik gabe” jartzen zuen, bere jatorri eta ondare pagano eta anarkista batean errebindikatuz. Bidasoako errepublikak “ez karabinerorik, ez apaizik eta ez eulirik” gabeko herrialde zoragarria zitekeen, non eta naturak emandako edertasunean eta giza poblazio zaharrek eraikitako orekaren gurpil magikoan sagardotegiak, bertsolariak, maitasun ezkutuak eta bailaren arteko borroka berbizituak loratu zitezkeen. Ikusten denez, erlijioaren arazoa alde batetara utzirik, Barojaren Euskalerria ez dago Txomin Agirreren Euskalerritik oso urruti.

 

Bere ikuspegia ez da betere politikoa. Liberal eta karlisten arteko borroken alde abentureroa interesatuko zaio, ez bertan eman daitekeen tirabira ideologikoa. Walter Scott eskoziarrak Ifar Eskoziako Highlandekiko zuen jarduera berberatsua erakusten du Barojak: arrazionalki pentsatzen du beharrezkoak direla industrializazioa, ohitura zaharren ondorapena, hizkuntza zaharren heriotza. Baina bere ikuspegiak ez du antzeman gabe utziko mundu zaharrak berarekin zuen xarma eta edertasuna. Karlista gerrateari buruz, bestalde, nahiko iritzi konbentzionala zuen: “euskaldunak, bere arrazaren joerei jarraituz, hara zoazen zaharra berriaren kontra defendatzera. Horrela antzinaldean borrokatu ziren erromatarrak, gotoak, arabiarrak, gaztelarren aurka, beti ohitura zaharren alde eta idei berriaren aurka. Baskonia eta Nafarroako aitoren seme eta baserritar hauek, Piriniotako bi aldeen nekazal aristokrazia honek, Borboi arrunt, arrotz eta arroztu horretan sinisten zuen, eta abenturero itxuragabe baten anbizioak betetzearren hiltzeko pronto ziren”. Debate politiko-historiko sakonen ingurumarietan sakondu baino, nahiago zuen bere berezko idei arrazionalistari baiezkoa eman eta gizarte zaharrak ematen zituen bitxikeri eta farranda aukera guztiak aprobetxatu. Beti jarriko ditu pertsona partikularrak ideologien gainetik. Yann belgiarrak, eztabaida politikoa entzunda gero, zera galdegiten dio Galo sakristauari: “Makinei buruz esan duzuna ondo iruditu zait, ¿zer zera zu, laguna?” “ni… karlista naiz, Jainkoari eskerrak” erantzun dio sakristauak. Eta Yannek: -irrifar eginez- iaia ni bezala. Ni anarkista naiz”. Ustez urrun diren muturretatik bildutako anaitasuna da Barojak bere pertsonaietan aurkitzen duen pitxirik ederrena.

 

pio-baroja-08[1]

 

Oteitzak bezala, Barojak ideia esoteriko okultistak, elezahar transzendentalak, Tubal ala Atlanteen mitoak, higuingarri zituen, eta halaxe ageri da Altzateko Jaunaren elezaharrean: bere ikuspegitik, euskal paganismoa kasik eta ia huts-hutsik joera bitalista bat da, naturaren gauzekiko eta edonongo pertsonekiko sortzen den intimotasun joera, magia eta erritoz oso argal. Kristautasuna eta joera latino-judutarrek suntsituko dute mundu guzti hori, Bera Bidasoako Itzea basetxetik bere azken hondarretan ikusten ari zen mundua.

 

imagesCAX9CFQL

 

Barojaren euskaltasun literarioa

 

Ahaztu egiten dira gauza hauek baina gogora ekarri behar ditugu, gure historia gertuaren arrazoiak piska bat osatze arren. Pio Baroja Sabin Arana baino arrazistagoa zen. Bere ustetan, Europako lehen gizonaren azken arrastua zen euskalduna: “ni artxieuropeoa naiz”, zioen bere abizenei ohiko ala ez ohiko errepasoa emanda gero. Artxieuropeoa euskalduna izateagatik, eta bere italiar arbasoak bertako mendialdetik zetozelako.

 

Bere iritziei ez zien inongo pisu normatiborik ematen baina itsu-itsu sinesten zituen mende bukaera horretan Darwinen eboluzionismoaren ildotik zetozen teoria antropologikoak. Eta inongo lotsarik gabe botatzen zituen iritzi horiek bere liburuetan. Cubari buruz mintzatzean, adibidez, Tximista kapitainaren kontzientzia bozgorailu bezala erabiliz, hauxe zioen, espainiarren mandatua deskribatuz: “Espainiarrak, eta orokorrean latinoak, sortzen duen giro soziala berehala usteldu egiten du”. Hein horretan, iparraldeko herrialdeei zien mirespena, Inglaterra edo Alemaniari, eta Frantzia, Espainia nahiz Italia mesprezatu.

 

Egia da ere kraneologiaren kontura nahiko far egiten duela (abertzale pertsonai baten karikatura eginez, “La caverna del humorismo” deritzan obra jostalarian) baina egia da ere brakizefalo eta dolikozefaloen tenkan neurri batetaraino sinistu egiten zuela. Francisco Umbral-ek ongi dio esatean halako arrazionalismo naif batean gelditu zela Barojaren pentsakera zientifikoa, eta Tubinga edo Oxfordeko doktoren batek esandako edozer petralkeria oso osorik irentsi zezakeela.

 

Baroja gizabanakoa maiteko du bertan dakusalako masa gizartearen kontrako antidotoa. Norbanakoaren autonomia errazagoa omen gizarte zaharretan mundu moderno melengan baino, eta horregatik eraiki egin zuen euskaldun abentureroaren arketipoa. Ekintza gizona izango da bere eredu narratiboaren mugarrietarikoa, intelektual gazteño eta urdurikarea bezainbeste, eta bai batean eta bestean bere antsien eta nahien personifikazioa sumatu daiteke. Ekintza bizitzaren miriaz dagoen kontenplatibo baten paradoxa ematen du Barojak.

 

img_articulo_5122[1]

 

Gogora dezagun Martin Zalakain gerrate karlistan harrapatua, handik honera egoeratik profitatuz, bere maiteñoan pentsaka, emozio kolektibo guztietatik landa; eta Tximista kapitaina, esklabuak Afrikatik Kubara eramanez, bere egoerak suposatzen dituen ondorio moraletaz erabat arduragabe. Edota Ageda, Aizgorriko etxeko damea, bere emozio txintxoetan barneratua, aitaren fabrikan klase borrokaren orroak entzuten diren bitartean. Barojaren heroiak gizarte erakundeek sorturiko harreman amaraunean igerika dabiltzan arrain ausartak dira, jakin bai dakite egituratze guztiak berdinak direla eta gizaki libre guztien funtzioa beraietaz erabilpen pertsonal egokia egitea dela. Nietzscherekin egin genezake bat hemen, baina Barojak ausardia eta kemena mirestu arren ez du errukia sahiesten: aski latza da gizakiaren patua mundu zentzugabe batean bertan anaitasunaren lehuntasunari buruz ez ametsik egiteko. Horregatik anarkistak maite ditu, anaitasun hori aldarrikatzen dutelako; horregatik maiteko ditu euskaldunak, lurralde urrunetan elkarren artean anaitasun hori bilatzen jakiten dutelako.

 

Euskaldunaren emozionalitate klandestinoa miresten du, bertan sakontasuna nabari duelako, latinherrien solaslodi eta exhibizionismoaren aldean. Egungo zenbait euskaldun modernoek mesprezatzen dituzten hainbat berezitasun eta topiko (euskal moztatearena, isiltasunarena, garbitasunarena, osotasun moralarena) bertutetzat hartuko ditu gure donostiarrak. Euskaldunak espainiar kastizismoa gogotik gorrotatzen du, zioen Unamunok bere entseiu batean. Taju horretako euskalduna da gure Baroja. Eta gainera, sorlekuan plazera eta zoragarriera biltzen ditu, hau da, Euskalerria ez zaio zama edo zeregin, atseden eta amets leku baizik.

 

Euskal letretan Barojarekiko dagoen ahaztura fenomenu tamalgarria da eta argi erakusten du zenbateraino hemengo kultur jendeak jaramonik egiten ez dion bertako tradizioari. Baroja eleberrigile kanonikoa dugu, eleberriaren eraldatzaile bipila, nahiz eta usai klasikoari atxeki ere. Zoritxarrean, efektismu anker eta abangoardismo hutsalen espejismoak Baroja ezkuta-arazten digu, idazle pobre baten aurrean aurkituko garelakoan. Eta ez da hori egia.

 

Oteiza aski mintzatu da Barojaren estiloaren euskaltasunaz, nolatan bategiten dituen ahozko joera eta teknika narratiboak, eta nola naturaltasun bilakatzen den arrarotasunez bilbatzen dituen edozer muturretik heldutako historioak. Espainiar kritikari askok jarri dizkioten erreparoak, estilo eta koherentzi mailan, bere euskaltasunaren ezezagutzaren ondorioa dira Oriotar eskultore haundiaren ustetan. Bego hemen laudorioa, jarraitzea gure burua laudatzea litzatekeelako. Barojak deskribatzen duen euskal lurra eta euskal gizona arrotz egingo zaizkio egungo euskaldun askoeri. Baina literaturaren indarraz eternitateko partaide egin ditu ere. Aldatu daiteke Euskalerria, erabat itxura galdu ala irabazi, baina Barojarenak ez du denborak ikutuko, hor izango dugu beti, autore erraldoi honen magalean.

 

Buka dezagun bere hitzekin: “Bai; gure herria herri apala da, baina herri irrifartsua eta xaloa ere, eta udazkeneko eguzkiak argitzen duenean bere urrezko argiarekin, igande arratsetan nekazariek dantza egiten dutenean herriko plazetan, txirula eta txistuaren soinuarekin, zuretzat, poeta, herri xarmagarria da”.

 

 

          Imanol Lizarralde.

 

Akordeoiaren laudorio sentibera

 

acordeon2[1]

 

¿Ez al duzue ikusi iganderen batean, arratsaldea gaineratzen denean, Kantauriko kaitxo abandonaturen batean, txalupa beltz baten zoruan, edota txaletxo baten ertzean, hiruzpalau gizonezko txapeladun geldi-geldirik entzuten ari direla grumete batek akordeoiari ateratzen dizkion notak?

 

Ez dakit zergaitik; baina melodia sentibera horiek, aterrik gabe errepikatuak, gautzean, itsasoan, hodeiertz mugarik gabearen aurrean, tristura larria sortzen dute.

 

Batzutan, jogailuak geldiuneak izaten ditu, asmatikoaren antsi gorakadak; batzutan, marinel baten ahotserdiak akonpainatzen du; batzutan ere mollaren eskalleraren gradetara igotzen den olatuak, eta gero zaratatsu murmurioka erretiratu egiten dena, akordeoiaren eta giza ahotsaren notak ezkutatzen ditu…

 

Baina gero berriki agertzen dira eta beren aire arrunt eta lelo ezagunek betetzen jarraitzen dute festaegun triste eta lasaiaren isiltasuna.

 

Eta bitartean herriko jaurgoa pasiatik itzuli da: baserritar mutilek pilota partidua bukatu dute, eta plazako dantza animatuago dago, eta jendez gainezkago taberna eta sagardotegiak; bitartean kalestuetan, ezetasunez beltzatuak, distiratzen hasi dira, tellatu ertz atereen azpian, lanpara elektriko nekatuak, eta pasa dira atsoak, beren mantoiez estaliak, errosario edota errezuetara, jarraitu du akordeoiak bere nota tristeak boteaz, txalupa beltzean, porlanez betetako txaletxoan, bere melodia mantsoak, ezagunak eta arruntak, gautzearen aize isilean.

 

Oi, jogailu ez erromantiko eta apal horren birikatik ateratzen den ahots lakartu eta errenaren tristura ikaragarria!

 

Monotoniazko zeozer adierazten duen ahotsa da berea, bizitza bezala, kementsu, aristokratiko edota antzinakoa ez den zeozer; haundia eta ikusgarria ez den zeozer, baizik eta txikerra eta bakuna dena, bizitzearen lan eta oinazeen antzekoa.

 

Oi, gauza arrunten poesia bitxia!

 

Haseran aspertu, nekatu, fastidiatu egiten duen ahots apal horrek bere noten artean gordetako sekretuak erakusten ditu, gardendu, argitu egiten da, eta berarengan marinel sendoen bizitza, arrantzale dohakabeen miseriak azalarazten dira; itsasoan eta lurrean makina eta mastekin borroka eginez ari direnen penak; lanaren soineko urdin, sofritu eta pobreetan jantzitako gizaki guztien garrazdurak.

 

Oi akordeoi xumeak! Akordeoi maitagarriak! Zuek ez dituzue kitarra haundimaundiaren gezur poetiko erraldoiak kontatzen; ez eta gaita eta txirularen artzai ipuiak; ez duzue gizonen buruak mozkortzen, korneta zaratatsuak edota danbolin guduzaleen antzera. Zuek zuen garaitakoak zarete: apalak, sinzeroak, eztiki, akaso trufagarriki, behe mailako; baina zuek diozue bizitzari buruz agian bizitza benetan dena: melodia arrunta bat, monotonoa, baldarra, hodeierz mugagabearen aurrean…

 

 

Pio Baroja (I.Lizarralderen itzulpena).

 

01296baroja[1]

2013-08-05 21_12_01[1]

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply