Poesiaren egiarantz bideratzen gaituzten bi elementuak: emozioa eta estetika

Eukene Iturrioz

Askotan galdetzen diogu geure buruari: Zergatik idazten dugu poesia? Zer bilatzen dugu adierazpen mota berezi honetan? Zerk bultzatzen gaitu poesiaren bidez geure gogoetak kanporatzera? Oro har, hitzen zolitasunak, esaldien kadentziak, erritmo literarioak, barne-musikaltasunak. Hori guztia lehen hurbilketa bat da, poesiaren alde formalari dagozkion identitate berezitasunak. Argi dago edozerk ez duela balio eta ezin zaiola edozeri, besterik gabe, lizentzia poetikoa deitu. Jakina, poesia ez da soilik egitura formal zuzena duena eta arauak osoki betetzen duen kaxa hutsa, bere hitzekin astintzen eta kitzikatzen ez bagaitu.

 

Poemak egitura argia eta zehatza behar du izan, zer edo zer esan eta adierazi behar du, eta ez hitzak soilik. Kontu partikularren eta kontu unibertsalen artean elkarrekiko loturak eraiki behar ditu, joan-etorriko bideak sortu, eta lerroen bitartez egilea eta irakurlea harremanetan jarri. Era berean, norberaren barne-izatearekin harremanetan jartzeko modu estetiko berezia ere bada poesia.

 

 dibujo1

 

 

 

 

Poesia sortzeko errezeta ugari idatzi dira. Horietako bat hauxe litzateke: irakurtzea, motibazioa sustatzea, hezkuntza eta formazio literarioa edukitzea, gustu artistikoa lantzea, eredu egokiak erabiltzea, gaiekin asmatzea, eta batez ere, geure barne-ahotsa entzutea eta berari lasai isurtzen uztea, eta barne-ahots hori modu egokian adieraztea eta igortzea, halaber, pazientzia edukitzea eta maiz zuzentzea.

Ondoren, aipaturiko hori guztia kontuan izanda, eredu onak aukeratzen badira, gaiekin asmatzen bada eta, batez ere, norberaren barne-izatearen hitzak entzuten badira eta bere jarioari libreki adierazten uzten bazaio, pazientzia edukita eta zuzenketa ugari egin eta gero, agian, gutxien espero duzunean txinparta berezia sortuko da eta magiak bere agerpena egingo du folio zuriaren eszenatokian, kualitatiboki erabat berezia eta bereizia den adierazpen horretan gauzatua: poesia.

   

Claude_Monet,_Impression,_soleil_levant,_1872[1]Ez da erraza izaten zehatz-mehatz definitzea zer den zentzazio eta estetika horren agerpena, baina berau ezagutzea errazagoa iruditzen zaigu bertan daukagunean edo bertan egon gabe bere gabezia sumatzen dugunean. Hitz batean, lerro batean, sintaxi berezi batean, erritmo edo melodia berezi batean azaleratzen zaigu, irudi batzuen batze prozesuan, begirada edo keinu baten deskribapenean, edo horien guztien konbinaketa batean aurkituko dugu.

Horrekin batera, poetaren beraren barne-ahotsa ezagutzera iritsiko gara. Barne-ahots horretan poeta bakoitzak duen poesiaren iturburua aurkitzen da.

Baina, zer dugu, bada, sarri askotan aipatzen den barne-ahots horren entzumena edo berari men egiteko behar hori? Sentimenduen bulkada aintzat hartzea. Funtsean: sentimenduen islaren adierazpena. Horien transmititze prozesuan eta igorpen estetiko egokian legoke poesiaren funtsa.

     

Goi mailako poesia, hein handi batean, ameslaria izan ohi da etorkizuneko aldaketei begira. Halaber, poesiak gogoeta minimo bat edukitzea aberasgarria izango da, eta poemari eskergarria gertatuko zaion bernizaren distira erantsiko dio gogoetak. Alabaina, muinean sentimenduak daude eta haiek sortarazten dituzten emozioak. Denok, orokorki, badaukagu gune intimo bat, barne-barnekoa, nortasunaren txoko mugatua, zeinetan gizabanako bakoitzaren emozioak eta bulkadak hozitzen diren; eta, indibiduoak urrunekoa norberarena balitz bezala sentitzen du eta norberarena urrunekoa balitz bezala. Leku horretan pasioa eta sentimenduak ernetzen dira, hots, emoziorik primitiboenak eta indartsuenak, eta horien artean, gogo poetikoa. Gogo poetikoa bulkada bat da, eta bulkada hori hitzen bidez irudietan zehaztea, besteengandik atxikigarriak izango diren erritmoetan itzultzea, eta irudi eta erritmo horiek besteek ulertuko dituzten mezuetan eraldatzea, horixe litzateke poetaren zeregina.

Baina zer da poesia deritzogun horren funtsa? Zein da poesiaren benetako egia? Gogoeta, sentiberatasuna, esperientzia, arte konkretu batekiko lotura, estetika berezi bat, ala emozioaren bulkada eta jario kontrola ezina? Zein da benetan poemaren funtsa? Non dago bere benetako zerizana eta egia? Zalantzarik ez dago guztiak garrantzitsuak direla, eta neurri handi edo txikian, ia beti elementu horiek topa ditzakegula poema batean. Dena den, gutxi batzuetan sintetiza baldin bagenezake, ezinbestekotzat joko genituzkeen bi hauetan labur daitezke arestian aipatutako elementu guztiak: emozioa eta estetika.

 fotoromant[1]

 Poesian garrantzitsua da zer esaten den eta nola esaten den. Are garrantzitsuagoa, ordea, isiltzen dena eta iradokitzen dena izan ohi da. Isiltasuna eta iradokizuna poemaren bi osagai oinarrizkoak dira. Osagai oinarrizko horiei esker poemak arnasten du, aurrera egin eta edertasunaren urertzera irits daiteke. Era berean, ezinbestekoak dira indarra, tentsioa, zehaztasuna, harridura eta asaldatzeko gaitasuna. Badarik ere, konplexuena eta desiragarriena poemei emozioa ematea izaten da, eta poemak berak emozioa igortzeko gaitasuna edukitzea. Eta nola eragiten dugu emozio hori azaleratzeko, edo nola egin gorderik dagoen emozio hori kitzikatu eta pasioaren mekanismo guztiak martxan jartzeko? Nola egin poesia agertzeko?

  

Poesiari ez zaio hitzordurik jartzen, ez behartzen, ezta arau edo diziplina berezirik ezartzen ere. Poesia nahi duenean agertzen da. Ez dakigu nondik etortzen den; ahal duenean eta beharrezkoa denean, edo beste erremediorik ez dagoenean eta nahitaezkoa denean, baina betiere bere kabuz, umil eta irmo, jario iraunkor eta isilean azalduko da.

 

Gizakiaren abenturarik handiena bizitzea da, eta bizitzea barne-abentura eta kanpo-abentura da, banakakoa eta kolektiboa, epikoa eta etikoa. Eta, beraz, estetikoa. Zalantzarik gabe baiezta daiteke poesiaren iturrian, bere sorreran, eta poesiaren forma zein fondoa ongi taxutzen eta txukuntzen saiatzen garenean, estetika berezi eta konkretu baten itzalpean egiten dugula. Estetika horren nondik norakoak poeta bakoitzaren izaeraren araberakoak izango dira, eta bere ibilbidean eginiko irakurketek zedarriztaturik eta bizitutako esperientzien mugarrietan sortutako emozioek lerratu dizkioten sentimenduek baldintzaturik egongo da. Horretaz aparte, ñabardurak gehitzen joango zaizkio unean uneko eta tokian tokiko bizipen berrien eta etorkizuneko gogoetetan oinarriturik.

Jakin badakigu poesiak zoritxarrez (edo zorionez?) ez duela ezer materiala lortzeko balio, eta poesia ezin dela diruz ordaindu. Aitzitik, modu berean badakigu mundu honetan balioa duten gauzek preziorik ez dutela, eta poesia horien artean dago. Eta emozioa baldin bada poesiaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa, emozio primario bat, gizakia gizaki den unetik gurekin dirau. Iraupen horren zergatia eta arrazoia ezdeusaren iraunkortasuna da, eta ezdeus horren iraunkortasunaren aurrean erantzuna ezintasuna da. Gure ezintasunaren erantzun hori nora ez hutsean eror ez dadin poesiaren bitartez aurre egiten diogu ezerezari, eta horren bidez erresistentzia jarrera bermatu. Erresistentzia da aurrera jarraitzeko indarra ematen diguna. Erresistentziak zentzua ematen digu eremu lehor eta etorkizunik gabeko horretan bizirik mantentzeko; beraz, gure biziraupena erresistentzia izan ohi da, hots, kasu horretan ezintasunak superbizipena bermatzen digu.

friedrich.jpg

Horrelakoa da poesia. Olatu bat, errealitatetik sortzen dena eta isiltasunaren lurralde ezezagunetara abiatzen dena. Eta olatuaren bitsa, emozioa, isiltasunaren urertzera iristen den azken arnasa da. Eta olatua lehertuko da, mila zati nora ezean barreiatuz, ezerezaren estatika astinduz, poesiaren taupadak edonora hedatuz, eta zaharberritua antzaldatu: olatua bera desagertzen denean, isiltasun horren azalean, urertz bustian, geratzen den azken arrastoa, emozioaren hazia, izandako aparraren azken mamia, azken lurraldea, azken egia.


 

 

 

 

 

Tags: , , , , , , , ,

No comments yet.

Leave a Reply