SIMENON ETA MAIGRET

 

27[1]

 

Simenon eta Maigret

 

1993tik aurrera Tusquets argitaletxea Simenonen obra guztia argitaratzeko zeregin arriskutsuan murgildu zen. Arriskutsua, diot, idazle belgikarrak 200  liburutik gora idatzi baitzituen. Liburu mordoxka argitara eman ostean, bertan behera geratu zen obra osoa argitaratzeko proiektua. Orain bi urte, ordea, Acantilado argitaletxea zeregin horretan murgilduko zela iragarri zuen. 2012ko urrian, Pietr  letoia eta Katua eleberriak eman zituen argitara. Urtebete baino gehiago igaro da, eta Simenonen zazpi eleberri baino ez dituzte argitara eman. Ez dakit martxa horrekin hasieran jarritako helburua beteko ote duten. Lan luzea dute gero!

Simenon idazle oso ezaguna izan zen bizi artean, asko idatzi zuen eta, bereziki, genero poliziakoa landu zuen. Topiko aski zabaldua da idazle oparoek kantitatearen alde egin ohi dutela kalitatearen kaltetan. Simenon topiko horren salbuespena dirudi. Haren kasuan, asko idaztea eta gaizki idaztea ez daude nahitaez elkarri lotuak.

Idazle belgikarraren biografiak erpin ugari dauzka: 17 urterekin argitara eman zuen lehen obra; bohemio bizitzara emana bizi izan zen gaztetan, izengoitipean enkarguzko nobela mordoa idatziz (izengoiti ezagunena, Georges Sim zuen); kazetari lanari esker, munduko bazter asko ezagutu zituen, bai eta era askotako jendea ere; berak aitortua da 10.000 maitale izan zituela (tartean, orduko Frantzian hautsak harrotu zituen Josephine Baker ezaguna); kolaborazionistatzat salatua izan zen… 27 urte zituela, erabaki garrantzitsua hartu zuen: izengoitien garaia amaitu zela iritzita, Magret komisarioaren narrazio batzuk argitara eman zituen Detective aldizkarian. Geroago, liburu formatuan eman zituen argitara Maigreten kasuak, arrakasta itzela erdietsiz. 1934an, orduko bere editorea eta Maigret komisarioa albo batera utzi, eta Gallimard etxearekin kontratua sinatu zuen. Ekoizpen mota berri bati hasiera eman zion honela, Simenonen berak “nobela gogor” deiturikoa. Hala ere, bere ordura arteko lasaikeriazko bizitza oztopo izango zen literatur munduak idazle gisa serio har zezan. 1935ean, ordea, André Gidek elkarrizketa bat egin zion. Antza, Inmoralistaren egilea Maigreten mireslea zen. Pixkana, Gideren eta Gaston Gallimarden gidaritzapean, Simenonek beste norabide bat eman zion bere idazle ibilbideari. Maigreten kasuak idazteaz gain, kutsu existentzialistako nobelak idazteari lotuko zitzaion.

Dena den, genero poliziakoak ekarriko zion arrakastarik handiena. Garai hartan, Hamett eta Chandler bezalako idazleekin, urrezko aroa ezagutu zuen genero beltzak. Kritikari askorentzat bigarren mailako literatura zen hura. Gidek, ordea, bere 1942ko Journalean miresmena agertzen du Hametten Uzta gorriarekiko, eta azken honen elkarrizketak Hemingway eta Faulknerrenen pare jartzen ditu. Bide batez, Conraden Chance eleberria irakurtzen ari dela aitortzen du, eta motel doala; ez hori bakarrik, irakurketa are motelagoa iruditzen zaiola Hametten prosa bizitik pasatu eta gero.

 

images[6]

 

Faulknerrek berak Simenonen lanak miresten zituela onartu zuen elkarrizketa batean, “Chejoven zerbait gogorarazten didatelako”. Laudatzaile zerrenda luzea da: Henry Miller, Céline, Mauriaç, T. S. Eliot, Paul Celan… Esaterako, Mitxoleta eta memoriaren egileak alemanera itzuli zuen Maigreten eleberri bat. Onettik biziki atsegin zituen Simenonen eleberri poliziakoak.

García Márquezek pasadizo bitxi bat dauka idazle belgikarraren harira. Dirudienez, norbaitek mailegatutako liburu batean pertsegitzaile bati buruzko ipuin zoragarri bat irakurri zuen gaztetan. Liburua jabeari itzuli zionean, ahaztu egin zitzaizkion bai ipuinaren izenburua, bai egilearena. Ez, ordea, argumentua. Urte mordoxka bat geroago, Maigret komisarioaren ipuin bat jausi zitzaion esku artean. Bere harridurarako, izen huraxe zuen gaztetan irakurritako ipuineko protagonistak. Orain bazekien nor zen egilea, baina ipuina bilatu nahi zuen. Arrastorik ere ez, ordea. Gau batez, Managuan Julio Cortazarrekin topo egin, eta pertsegitzaileen ipuinei buruz ari zirela, kolonbiarra Simenonen ipuinarekin akordatu zen. Cortazarrek berehala eman zion izenburua: L’homme dans la rue.

Esan bezala, miresmenen zerrenda luzea da. Esan gabe doa irakurleena ez zitzaiola inoiz falta izan. Idazle ezaguna zen, ikaragarri saltzen zuen horietakoa. Paradoxikoki, intelektual handien eta idazle berritzaileen txaloak jaso zituen gehienbat. Estetikoki belgikarraren antipodetan zeuden Faulkner, Eliot, Celan, Onetti… Baina Simenonek bazuen zerbait. Baliteke haren liburuak irakurri ostean, tramak ahaztea, baina ez pertsonaien egiazkotasuna eta gizatasuna. Izan ere, Simenonenak ez ziren trama konplexuak. Gizaki arruntak interesatzen zitzaizkion, haien motibazioak, haien bulkadak… Zer galdurik ez zuten gizakiak. Batzuek XX. mendeko Balzac ere deitu izan diote, joan den mendearen giza komedia halako bat egin zuelako bere liburuetan.  Irakurlearen zorionerako, Maigretek bizirik jarraitzen du.

 

Aritz Gorrotxategi.

 

 

 

simenon-portada-011013[1]

 

Tags: ,

No comments yet.

Leave a Reply