IDENTITATEA ETA ARMAIRUAK

 

ZuloagaVASCOS

 

 

Identitatea eta armairuak

 

 

Azken aldian, jakin-minez jarraitu izan ditut identitateari buruzko eztabaidak nahiz idatziak. “Garai berri” bezala definitua izan den honetan, gero eta ohikoagoa da identitatea zerbait monolitikoa bezala agertzea. Monolitikoa eta dudagabekoa. Euskal Herria herri bat eta bakarra da, ahots eta gogo bakarrekoa. Baina zer da, zehazki, euskal identitatea? Horrelakoak entzuten ditudanean “euskal arima”, “euskal esentzia” eta horrelakoak datozkit gogora, eta, egia esan, inoiz ez dut oso garbi izan zer den “euskal arima” edo “euskal esentzia”. Zer ote da? Euskal dantzak dantzatzen jakitea? Bertsolari txapelketetara hutsik ez egitea? Mendizalez jantzita joatea? Halakoen aurrean, orain urte mordoxka Saizarbitoriak Argia aldizkarian idatzitako “Ez naiz jatorra” artikulua datorkit gogora:  “Ez naiz jatorra…, txapelak buruan gaizki ematen bai dit (…) Erromeriak ezaizkidalako geiegi gustatzen (…) Euskal ikuskizun asko (bertsolariak, esate baterako) etzaizkidalako gustatzen (zergatik?) eta nola oietara joatea etzaiten lana iruditzen lasai lasai joan gabe gelditzen naizelako…”.

bertsolaria

Labur esanda, nik ere ez daukat oso garbi zer den euskal identitatea. Badakit askorentzat euskalduna izatea independentista eta abertzale menderatugabea izatea dela. Irrintziak eta zanpantzarrak, sagardoa eta “euskal” atzizkia edo aurrizkia duten produktuak kontsumitzea, Kilometroak, Korrika, Durangoko Azoka eta abar… Mundua  bitan bana daitekeela: nireak eta besteak, nirekin edo nire aurka. Bitxiki, identitatearen gaineko diskurtsoetan gibelalde erlijioso inkontziente bat (edo agian ez hain inkontzientea) sumatzen ahal da. Erlijioen historian, eta batez ere, kristau erlijioarenean, oso ohikoak izan dira batasun apurtezin halako baten inguruko eztabaidak: Alejandro, Atanasio, Nizeako Kontzilioa, Arrio, hirutasun santua…

6a00d8341c561c53ef0133eca112c1970b

Badakit gehienetan euskaldunok herri homogeneo eta ia pentsamendu bakarreko gisa aurkeztu ohi zaigula identitatearen inguruko imaginarioan, Vatikano halako baten gisa: Erromanikoa, katolikoa eta apostolikoa. Baina ez dirudi beti hain homogeneoak izan garenik. Edo Salbatore Mitxelenaren hitzetan esateko, “konta ezin ala lirake gure noiznaiko katu-txakurrak, barka, oñaz-ganboarrak”: Lope Agirrekoa, Inazio Loiolakoa, santutu aurreko Xabier, Saint-Cyrango abate janseniarra, Santa Kruz, Leizarraga, Orixe eta Lafitte, Azkue eta Unamuno, gudujauntxoa eta merkataria, erreketeak eta gudariak… Are gehiago, herrigintza eta instituzioak bi mundu paralelo eta antagoniko bezala bizi ditugu ia-ia.

portada

Valentin de Zubiaurre, Arrantzales 1956

Monolitismo horren aurrean, gero eta itxura handiagoa hartzen diot identitateari sexu-joerarekin. Edo kitzikatzen zaitu edo ez zaitu kitzikatzen, edo aberrisexuala zara edo ez zara. Identitate kontuetan zer gertatzen da heteroa ez bazara, esan nahi baita independentista edo gure-esku-dago zalea ez bazara? Alegia, zer gertatzen da identitate kontuek kitzikatzen ez bazaituzte? Zer gertatzen da identitatea eraikitzeko orduan, euskalduna eta euskaltzale izanagatik ere, abertzaletasunaren diskurtsoak ez badu zure libidoa pizten?

 Gauza jakina da mota horretako disidentzia españolismoarekin lotua izan dela tradizionalki. Gabriel Aresti españolista zen. Gabriel Celaya beste hainbeste. Eta Imanol? Zer izango da hemendik aurrera? Nork banatzen ditu jatortasunaren agiriak? Nork du horretarako aginpidea?

Aurelio-Arteta-Aurresku

maxresdefault

Nik ez dut hain garbi ikusten identitatearen auzia. Jakina badagoela gehiengo handi bat abertzalea dena, eta ilusio edo bultzada nabarmen bat. Baina denok ez dugu aberria bizitzeko eta ulertzeko modu berbera. Batzuentzat ilusioa eta bulkada dena, beste batzuentzat artaldekeria edo erredukzionismoa baino ez da. Are gehiago, sarritan ahaztu egiten dugu bulkada nazional horietako askoren atzean elkarte edo erakunde pribatuen aldeko egitasmoak daudela. Identitateaz entzutean, gero eta gehiago akordatzen naiz Brianen bizitzaren pelikulaz eta “Disidente!”aren eszenaz, eta, egia esan, ez dakit zer naizen ni: Frente Judaico Popularrekoa edota Frente Popular de Judeakoa? 

 

Aritz  Gorrotxategi.

la-vida-de-brian-1

 

Tags: ,

No comments yet.

Leave a Reply