MOSTARRETIK BUELTAN. Galera baten alegoria


 

Mostarretik bueltan gentozen, uztaileko bero jasanezina pairatzen, eta autoaren haize egokituak bero sapa hura leunagoa egiten zuen. Hala ere, egoera larri haren ezinegona haratago zihoan. Begiradatik pasatako irudiak ez ziren filma batekoak. Haize egokituak ez zuen erraietako kixkaldura baretzen, ez zen nahikoa arimaren erredurak arintzeko, ikusitakoak arima benetan erretzen baitzuen. Manu Chaoren musikak laguntzen zuen, “Clandestino”, eta bere hitzak egoeraren erakusle peto-petoa: Solo voy con mi pena, sola va mi condena.

Gerraren arrastoak ikusi berriak genituen. Benetako gerra baten lorratzak nabaritzen ziren asfaltoak islatzen zituen infragorrien distortsiopean. Hogei urte eskas besterik ez dira pasa gerra hura gertatu zenetik. Gerra gogorra, krudela, eroa eta aldrebesa -ez al dira gerra guztiak horrelakoak?-. Oraindik sinestezina gertatzen zait onartzea: Italiakin muga egiten zuen herrialde batean hau gertatu zela XX. mendearen bukaeran. Europarron lotsa! Gure buruari zibilizatu deitzeko arrazoiak kendu dizkion gertakaria, eta gure duintasuna gizaki bezala asko eta asko murriztu duen pasarte historikoa. Europaren partaide izanik, beste herrialdeok ezin izan gara serioski inplikatu hika-mika hura hartu zituen neurrietara irits ez zedin. Eta behin Pandoraren kaxa irekita, ezinezkoa suertatu izan zen ixtea triskantza neurrigabeak gertatu arte. Utzikeriaren desastrea! Tartean interesik izanen ez ote zen?

Mostarreko zubia

Mostarreko zubia

Galera asko eta asko gertatzen dira gatazka armatu guztietan. Eta guztiak sentitzen ditugu gizaki garen aldetik, gure kontziente kolektiboan zauri bat egiten zaigu, azalekoa zein sakonekoa. Baina gertuko pertsona baten galera sufritu duenak badaki zer den ariman benetako hutsunea sentitzea, eta galera hau indarkeriak eraginda izan denean hutsune hau gainera zuloz josita azaltzen da, nolabait hutsunea areagotuz.

imagesCA7IWGTM

Sufrimenduak ez dauka limiterik sakonerantz.  Sufrimenduak edonork imagina dezakeen edozein muga zeharka baitezake begiradatik abiatuz -edo beste zentzumen batetik abiatuz ere bai- norberaren barne alderantz abiatzen denean, eta indarkeriaren ondorioz bizitzaren etete bortitzak suposatzen duenak kontzientziaren oinarria goitik behera zarraztatzen du. Sufrimenduaren adierazpenak kanpo alderantz, aldiz, muga nabaria aurkezten du azaleratu nahi duenean. Hitzen ezintasunarekin topatzen gara, hitzen adierazpenen muga zorrotzarekin. Eta sufrimenduaren pertzepzioa murriztua edo kamustua gera daiteke lagun urkoaren azalpena partekatzean. Aitzitik, hitzen bidezkoak ez diren arrastoek, keinuek, baita sinboloek ere, hitzen ezintasun nabaria gainditzen dute gehienetan.

Horrelako bat da Mostarren kasua; bere paretek, bere begiradek, bere aireak, bere urek eta bere zubiek, halaxe baieztatzen baitigute, batez ere Stari Most famatuak –Zubi Zaharra, 1993ko azaroaren 9an birrindua gerraren ondorioz-. Oso argigarriak dira Vlado Gotovac idazle eta politikariak Most liburuan esaten dizkigun hitzak. Vukovarrez ari da, baina Mostarren kasura pareka daitezke:

Uzalud! – Ne mogu moje riječi
U tminu Vukovara. U tminu tvrđave
S nepoznatim riječima. Tminu novosti
Sa svojim zvijezdama. Gdje vlada
Božja jednakost – ona s Početka
I ona s Kraja. Spojeni u jeziku
Naših katakomba. Nijemi čvor Beskraja!

 

“Alferrik!  Nire hitzak ezin dira

Vukovarreko ilunpeetan barneratu.

Gotorlekuaren ilunpeetan ezin murgildu

hitz jakingabeekin.

Albisteen eta haien izarren ilunpeetan,

non jaun eta jabe den jainkotiar berdintasuna,

bai Hasierakoa eta bai Amaierakoa ere.

Elkarturik daudenak gure katakunbeetako hizkuntzan.

Amaigabearen korapilo mutua!”

 

imagesCA1FQE78

Galera baten hutsunea ezin da inoiz bete. Hutsune sakona uzten du, infinituaren presentzia puri-purian errealitatean gauzatua. Eta batzuetan Gotovac idazleak aipatzen digun korapiloa geure barnean nabaritzen dugu, eztarrian, urdailean, bihotzean, ala falangeen arteko giltzaduretan, galdutakoaren argazkiren bat eskutan sostengatzean. Eta irten daitezkeen malkoek korapilo hori busti besterik ez dute egiten, eta kresalaren antzera korapiloaren kiribila gotorragoa bihurtzen.

 

 

Dubrovniketik Mostarrera 150 Km inguru daude, gutxi gorabehera. Eta errepidetik baldin bazoaz hiru bider zeharkatu behar duzu muga. Kostaldeko zati ttiki bat Bosnia-Herzegovina da, gero berriz Kroaziara bueltatzen zara eta barrualderantz zuzendurik, Mostarrerantz zoazela, berriz ere sartu behar duzu Bosnia-Herzegovinara. Hiru bider muga zeharkatu eta sei aduana kontrol pasa, bakoitzak dagokion poliziarekin. Guk ere zenbatetan ez ote ditugu gorrotoaren mugak zeharkatu? Zenbati ez ote die gure herriko gatazkaren sufrimenduak bere bizitzako pasaportean bisatua jarri? Zein helbururen mesedetan? Zein helmugaren xedea burutu nahirik? Eta hemen gaude orain, historiaren lipar ñimiño batean, esku hutsik, gizarte-izpiritua zuloz josita utzi gaituen motiboari baliozko irakaspen bat bilatzen, usteldu gaituen sufrimenduari esanahi bat aurkitzen. Baina izate horren barne erraietan hutsunea besterik ez, eta batzuetan hutsune hori neurriz kanpo handitua, hutsunea sufrimenduz zulatua delako.

imagesCA9CKJOHMostarreko  hiri zaharrera sartzerakoan, kaleko postu batean liburuak daude, Ivo Andritx handiaren dozena bat pilaturik, eta topatu dut bilatzen nuena. Zubi bat Drina gainean jatorrizko hizkuntzan erosi dut –batek ezin baitu liburuekin fetitxista izateari utzi-. Liburu oso ona da, eta esaten dutenez Balkanetako listorgune konplexuaren gorabeherak historian zehar ulertzeko ezinbestekoa omen da. Ankerkeria ugari deskribatzen dira bertan; gune berezia izan da hau historiaren joan etorrian, zibilizazio ugariren bidegurutze nabaria, pertsonaiak eta gertakariak, austro-hungariar inperioa, otomanoak, Marko Poloren jaioterria, eta abar. Gainera -kasualitate hutsa- gaur uztailak 12 da, Srebrenicako sarraskiaren hamazazpigarren urteurrena. Hura gogoratu eta nahi gabe bihotzaren taupadak bereziki azkartzen zaizkizu eta kontzientzia lausotu; 8.373 gizon-emakume, haur eta agure, odol hotzez garbituak. Gure herriaren historia hurbilean, 60ko hamarkadatik hona milatik gora izan dira.  Sufrimenduaren neurria hilketen kopuruan neurtzen al da? Ez nuke horrela dela pentsatu nahi. Stalinen esana datorkit gogora: Pertsona bat hiltzea hilketa bat da, 10.000 hilketatik gora estatistika besterik ez. Hilketak gure kontzientziaren kristalinoan eginiko arrastoak dira, dozena batetik aurrera kristalino horretatik zehar ez da ongi ikusten, eta kontzientziaren begirada arrasto horien sufrimendua lausoturik geratzen da. Hilketa gertukoa baldin bada, nahikoa da bakarra, sufrimendua ariman erabat iltzatua geratzeko. Baina ez nuke alde kuantitatiboan geratu nahi, bestela Stalini arrazoia emango bainioke, edozein hilketa etikoki arazo kualitatiboa baita. Dena den, Mostarren sufrimendua kualitatiboa ez ezik kuantitatiboa ere bada. Eraikin zaharretako paretak balek egindako zuloz eta kraterrez beterik agertzen dira. Ehundaka eta ehundaka zulo eta kraterrak konta daitezke, batzuk ttikiak, besteak ertainak, eta beste batzuk (eta ez gutxi!) 20 cm-ko diametrokoak. Izugarriak dira 14’5 mm-ko balek egindako kraterrak. Imaginatzen duzu une horietako burrunda hotsak, etengabeko tiroketa andana luzeak pareten harria kraskatzen, zenbait bala galduak asfaltoan errebotatzen, kristalak eta metraila euria bailitzan zerutik erortzen, eta guzti horien atzean bi begi, bihotz bat zulatzeko irrika itsuaz errotazio eroan alde batetik bestera mugitzen. Bat batean isilunea, isilune luzea. Balen su bortitza isiltzean geldialdia, baretasuna, lasaitasun betea. Eta norbait kalera ateratzen bazen frankotiradoreen txanda zetorren. Ze soinu egiten du 14’5 mm-ko bala batek haur baten burua zeharkatzean? Eztanda kamuts baten modukoa, harrabots gotorra, leherketa gorra. Nire ustez, eguberritako bolek presionatuz estutu eta hamaika zatitan lehertzean egiten dutenaren antzekoa da. Eta hantxe geratzen dira bi gorpuak geldirik, bata burua leherturik duela, eta bestea, esku bietatik urrun, altzoa galdu duen panpinarena.

imagesCAT3N6T9Inoiz ez gaude prest galera bati aurre egiteko. Hala ere, galera batzuk jasangarriagoak dira besteak baino. Heriotzak ez ditu adinak bereizten, eta ez daki adinen zilegitasunaz mundu hau uzteko unean; eta askotan patua ankerra izan daiteke ernetzen hasia den bizitzarekin. Baina supituki eteten denean, bortizkeriak eragindako galera baten sufrimenduak infinituaren eternitatean oihartzuna du sortzen.

Neretva ibaiak ur gardena darama orain, eta haurrak bertan bainatzen dira. Garai batean odola zeraman, gure etxeko abere-hiltegi ondoko errekaren antzera, baina hau gizakiaren odolez tindatua. Ondoren odola joan zen eta malkoek betetzen zuten Neretvaren ur emaria. Sufrimenduaren sinboloa bihurtu da Neretva ibaia eta sufrimendu haren monumentua Stari Most zubi berreraikia. Gogorra da hamazazpi urte inguru pasa eta gero, oraindik airean Herioren arnasaldiak sumatzea.  Eta ez zait guztiz arrotza egin sentimendu hau. Ezinbestean, gure herria etorri zait gogora. Gure herriaren arazo eta gatazka luzea. Agian ezin dira biak alderatu, agian bai. Baina ondorioei dagokienez, ez al gaude kasu berean? Ez al dugu gure duintasuna herri eta gizarte bezala historiaren aurrean zikindu eta laidotu? Nola ikusiko gaituzte gure ondorengoek? Geurean ere gerra sufritu izan dugu une askotan azken urteetan, gerra isila, ezkutuzkoa eta gorrotozko gerra latza. Zerua berundua ikusi izan dugu maiz, bai hodei artetik bai irrati bidez ere. Eta jendearen aurpegien begiradek tristezia islatzen zuten; batzuei antzokiko hirugarren errezelatik haratago, beste batzuei lehenengo errezela eta berehala, besteei antzezlekuan bertan izozten zitzaien begirada, eta aurreneko ilarakoek begiak itxi behar zituzten oinazeak begi-niniak iltzatzean eta musua odolez zipriztintzean. Zenbat urte beharko ditugu geurean Herioren arnasaldi berberak eguratsetik ezabatzeko?

imagesCAFVH6QPMostarrek bere zubiaren galera izan zuen. Herriari izaera eta nortasuna ematen zion elementua. Hala ere, zubia berreraikia izan zen, eta erabat zubi berdina ez baldin bada ere, herria ari da bere nortasuna berreraikitzen, pixkanaka pixkanaka, zubiarekin batera. Baina zubia lehertzearekin batera ehundaka bizitza galdu ziren enfrentamendu haietan Mostarren. Inoiz berreraikiak izango ez diren bizitzak. Eta bizitza hauek hutsuneak utziko dituzte  besteengan, hauen gertukoek hutsune beltzak ikusiko dituzte, sentituko dituzte, euren zentzumenez errealitatea arakatzean. Eta Stari Most Zubi Zaharra, jada berritua behatzean, zulo beltzez ez-osoa ikusiko dute, haien lagunen eta familikoen galerak utzitako zulo beltzez, inoiz berreraikiak izango ez diren bizitzek utzitakoak, inoiz berreraikiak izango ez diren begiradek pairatutakoak. Betzuloek hilkutxak izango dituzte begien ordez, hilkutxa beteak betzulo hutsetan. Hor dago, ordea, Mostarreko zubia berreraikia, turisten ikusgai. Herri baten izpiritua berpizten ari da; herrikideena, aldiz, ez. Geurean ere zulo asko ditugu, ugari, eta beste hainbeste hutsune. Zenbat bizitza galtzea merezi du herri baten, herrialde baten edo dena delakoaren izaera eta nortasuna berpizteak, berritzeak edota berreraikitzeak? Bakarra? Dozena bat, ehun, mila…? Zubi bat berreraikitzean, zubia berritua geratzen da. Pertsonen galera baten edo batzuen ondorioz berreraikitzen dena ez da berritua, ez da salbatua, ez da sendatua. Pertsonen galerak betirako orbanak, zarraztapenak eta zauriak uzten ditu. Sufrimenduak usteldutako zauriek betiere iraunen dute, odolduak eta betirako minduak, oinaze eternoa sortuko dutenak. Merezi al du zubi bat lehertzea eta zulatzea? Eta bizitza bat lehertzea eta zulatzea?

imagesCAZN9IQLGalerak sufrimendua sortzen du beti. Sufrimendua ez da dohakoa, baina batzuetan sufrimendua eta galerak arrazoiak eraginda sortzen dira, kalkulu hotzez egindakoak izaten dira. Bai han eta bai hemen; bai hemen, eta orobat han. Beharrezkoa al da? Nork erabakitzen du nork ordaindu behar duen trukean eskaini behar den txanpona? Eta non eta nola amaitzen da estoldetatik doan odola?

Mostarreko zubi famatutik ez oso urrun, kale bazter batean, DON’T FORGET beltzez pintaturik aurkituko dugu harri batean. Bi hitz besterik ez dira, baina etorkizuna begiratzeko ezinbestekoak direnak. Mostarreko bizipenak pairatu dituztenek ez dute hitz hauen beharrik, atzerritarrarentzat irakasbide izan nahi duten erakusgarriak direla otutzen zaizkit.  Geurean ere, nekez ahaztuko dugu azken urteetan gertatutakoa, eta ez genuke ahaztu  behar. Memoriaren beharra daukagu okerrak berriz gerta ez daitezen. Indarkeriaren ondorioz galera gehiago izan ez dezagun.

imagesCAQHLZ2QHarriek ez dute hitz egiten, eta norbaitek harri baten gainean DON’T FORGET idatzi zuen, gizakiari ulergarriago gerta zekion Mostarren gertatutakoa. Baina zinez baiezta dezaket Mostarreko harriek hitzekin baino gehiago adierazten dutela hitzik gabe. Geure herrian harriek ez digute hitz egiten; haatik, ez genuke ahaztu behar azken mendean gertatutako guztia, sufrimendu ugari kontzientzietan iltzaturik baitago Gernikatik gaur egun arte. Eta etorkizuna… ez dakit nola datorren etorkizuna. Hala ere, ni ere Manu, zurekin bat nator: “Próxima estación, Esperanza”.

 

 

Dubrovniken, 2012ko uztailaren 15ean.

Kerman  Oribe.

 

Tags: , , , , , , , ,

One Response to “MOSTARRETIK BUELTAN. Galera baten alegoria”

  1. 2013/10/22 at 10:41 #

    Izugarria! Guztiz zirraragarria! Lastima gaur egungo literatur panoraman horrelakoak gehiago azaltzen ez diren.

Leave a Reply