OINAZPIAK, BIDEAREN LAZTANGARRI – Igor Goitia –

 

 

BA  AL  DU  HOTSIK  DENBORAK?

 

Ba al du hotsik denborak?

Ez dakit erantzuten, ez dakit.

Nire bizitzaren, nire niaren joanak

beti izan du lagun zarata,

zarata eramangarria sarri askotan,

burrunbatsua, jasangaitz samarra beste hainbatetan.

 

Irudika al dezakegu denbora ixilik?

Edota, ixil-denborarik?

Baiezkora egingo nuke hasiera batean!

 

Ahaleginak eta bi egin eta gero,

ari naiz, emeki emeki, zarata urrunarazten.

Zarata badoa, antza, badoa.

Ez erabat baina, halere badoa… badoa…

 

Azken-azkenik lortu dut!

Ixiltasun ixilenarekin egin dut topo lehendabizikoz,

ezezaguna ordurartean, zeharo ezezaguna,

goxagarria halere, baina goxagarria bezain beldurgarria.

 

Ezezaguna zait, bai, baina…

Ni baino ni-ago sentitzen dut neure burua.

Arrotza halaber, non, nora… noiz gabeturik

ba al du hotsik denborak?

 

 

 

&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&

 

 

 

 

EGIA  SAKONA  DA,  EZ  DA  LEHENBIZIKO  BEGIRATUAN  HAUTEMATEN

 

 

Egiak, lur-azpiko ur-errekatxoa antzo,

ez du lur azpian luzez irauten.

Atergabeko jarioan doa ura lur azala noiz aurkituko zain,

lur eta harkaitz asko beharko ditu iragan.

Luzatuko zaio agian lana,

baina azkenean, ekinaren hondarrean aurkituko du bere zuloa,

bere lur-azalerako irtenbidea,

eta kanpora atereaz guk iturburu deritzoguna sortuko du,

eta handik sortu berri den iturritxoa

mendi-azaleko erreka elikatuz joango da,

guk dakusagun errekatxoa,

ikusgai ere zaigun iturburutikoa.

 

Errekatxo horren iturburua baina,

ez da guk dugun irudipena bat baino.

Antza, ikusgai dugun iturburu horretatik sorturik da errekatxoa.

Hor dugu uste, jaio egiten dela gure errekatxoa.

Halere, fin-finean, askoz lehenagotik zaigu jaiotzen errekatxoa,

askoz sakonagotik jaio,

bere sakon-sakonetik jaio.

 

Haren benetako sorburu eta jatorria, agian susmoa izan bai,

baina inoiz inolaz ez dugu ikasgai izango lur azpiko sorburu hori,

beti ezkutuan,

sakonki ezkutua.

 

Horrelakoxea ere badugu egia.

 

&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&&

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

SASIEGIAREN  SALTZAILE  IRUZURTIAK,  DOGMATIKOEN  KONTRA

 

 

Egia aurkitu duenaz,

egia eduki duenaz,

ez zaitez sekulan fido.

Aurkitu duen hori ez baita egia,

duen hori ez baita egia,

delako hori ez da egiaranzko bidea.

 

Tentu handiz ibili jende horrekin.

Hori diotenengandik egin eskapada ziztu bizian,

ze… beraiek, egiari buruz deusik ere ez jakinik,

ezjakinean zeharo murgildurik,

uste, uste dute egian daudela, egia dutela,

eta egia edukitzearen ustetan,

harro harro ibiliko zaizkizu,

beraienean ezin kabiturik,

handiustetsu jardungo zaizkizu,

egiaranzko benetako bidea utziko dizute behin eta betiko tronpaturik

eta beraien irteerarik gabeko kale zulo ilunean zaituzte itoaraziko.

 

 

                                                                           Igor  Goitia.

 

 

 

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply