ZER EGINGO DUGU ORAIN OPARIEKIN? – Aritz Gorrotxategi –

 

 

 

 

Aritz Gorrotxategik liburu berria plazaratu du. Hain zuzen, ere Donostia Hiria Literatur Lehiaketa irabazi zuen ipuinez osatutakoa.

Gure web honetara horietako baten pasartea ekartzea otu zaigu. Irakurle eta adiskide, zuri ea zer iruditzen zaizun:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ZER EGINGO DUGU ORAIN OPARIEKIN?

(Izenburu bereko liburuaren lehen ipuinaren pasartea)

 

 

Kasua epaitegietara iristean, nahaste handia sortu zen bazter guztietan. Iritzi artikuluak nonahi, eztabaidak tertulietan eta blogetan, sare sozialetan… Kontuak zeresan handia eman zuen. Azken batean, salaketa Olentzeroren aurkakoa zen, eta, normala den bezala, askok salaketa egilearen aurka, Enekoren aurka, jo zuten. Batek baino gehiagok “antikristo” berria deitu zion —dena esan behar bada, ahotan erabili zirenen artean deitura suabeena—. Latzena, ordea, auzoko eguneroko jarduna izan zen, ohiko aurpegiak, adiskideak, eskolako gurasoak… Komunikabideetako zurrunbiloa urrutiko zerbait zen, han-hemenka bazebilena, baina beste geruza batean —sarean, paperean…—, nahiz bazuen, noski, eraginik eguneroko jardunaren geruzan, geruzarik hurbilena eta delikatuena. Zertarako uka, auzokide askok, batez ere edadetuek, bizkarra eman zioten Enekori. Gutxi batzuek, isilean, hura egiteko potroak behar zirela onartzen zuten. Edo Eneko burutik eginda zegoela halako saltsatan sartzeagatik. Zer esanik ez, Enekoren gurasoak. Sekulako disgustua izan zen haientzat, ez baita eguneroko gauza Olentzeroren kontra kereila bat jartzea. Epaitegian, esan nahi baita, abokatuekin eta erretorika juridikoarekin, epaile togadun serioekin eta juizioko kostuekin. Izan ere, badakigu, enpirikoki jakin ere, ikazkin buruhandia gure irudimenean baizik ez dela existitzen; hartara, nor aurkeztuko zen epaiketan akusatu gisa? Ezagun da, haur gehienek jakin ez arren, Olentzero asmakizun bat dela, Hiru errege magoak diren bezala —ez zirela ez errege, ez mago, ezta hiru ere—, inor ezin dela munduko etxe guztietara joan opariak banatzera gau bakar batean eta, gainera, inork ikusi gabe. Haurra handitu ahala, hortxe sortzen zaio zalantzaren zirrikitua, nonahikotasunaren dohainaren karietara. Hori, behintzat, Olentzeroren mesedetan onartu beharra dago: izan ere, haurrek espazioari eta denborari buruz seriotasunez gogoeta egiten duten estreinako aldia Olentzeroren misterioa desmuntatzen dutenekoa da: “leku guztietan aldi berean? Hor tranparen bat dago”. Eta hala da. Gaur egun, hori ere lapurtu diete haurrei, espazioaz eta denboraz gogoeta egiteko aukera. Olentzero nonahi baitago: eskolan, dendan, saltoki handietan, kalean… Gabonetako troposfera halako bat da, guztiz inguratzen gaituena, oxigenoak eta akaroek bezala. Eta, dagoeneko, haurrak ez du nonahikotasunaren dohainaz gogoeta egin beharrik, jakin bai baitaki Olentzero horiek guztiak Olentzeroren laguntzaileak direla, horregatik heldu ahal dela etxe guztietara, ezin hobeki antolatutako enpresa bat delako, enpresa global bat. Alegia, ez dagoela magiarik ikazkinaren atzean, enpresa-antolaketa zorrotza baizik, eta marketing kanpaina basati bat.

Hala ere, inor ez zen hain muturreraino iritsi, Eneko izan ezik. Gauza bat da Gabonak kritikatzea, Olentzeroren lepotik abesti irrigarriak kantatzea (“Olentzero joan zaigu komunetik behera…/ Horra, horra, amona mozkorra, atzo jubilatu zen ta gaur ezkondu da, / Pirritx eta Porrotxen amona ezkondu da…”), argindar gastu itzela dela eta epelak esatea udalaren aurka eta abar… Baina Olentzeroren aurka salaketa jartzea, halakorik egitera ez zen oraindik inor ausartu.

Gainera, epaiketa publikoa egiteak arazo berri bat eransten zion auziaren mamiari: haurrak munduan dagoen sekretu handienaz jabetu zitezkeen behar baino lehen, eta, horrela, milaka eta milaka haurren ilusioa zapuztu zitekeen. Eta ez hori bakarrik: Gabonak ez ziren, jada, lehengoak izango misterioaz gabetuta. Horregatik eskatu zuen fiskalak epaiketa bertan behera geratzea, adin txikiak babestea, printzipio juridiko horrek salaketa jartzaileak argudiatutako eskubide urratuak baino lehentasun handiagoa zuela. Horixe baitzen Enekoren eskakizuna: ez zedila Olentzero eskoletara joan, kristau sinbolo bat zelako, eta, horrek, agintari publikoek bermatu beharreko laikotasuna kolokan jartzen zuela. Frantzian beloarekin eta Italian gurutzeekin gertatu bezala.

 

 

                                                                                                                                                                                   Aritz  Gorrotxategi.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Tags: ,

No comments yet.

Leave a Reply