ANPHORAREN ARIKETA METAFISIKOAK – Pello Otxoteko

 

 

 

Anphoraren ariketa metafisikoak

 

 

1

Hasieran ez-izatea bazen

eta izatearen aukera hautatu zuen.

Orduz geroztik argia gurekin da,

baina ez-izatearen itzalak berarekin dirau.

 

 

 

 

2

Hutsunearen harrabotsean blaiturik

oihartzunaren deiadarra sentitzen duzunean,

izatearen zerizana

ezerezaren mugetan aurkitzen dela

ulertuko duzu.

 

 

 

 

3

Batzuetan,

batzuetan baizik ez,

izatearen zedarriztapenak gaindituz

gorantz zuzendu begirada,

iluntasun basatian izarrak itsutzen naute

eta ene barne isiltasunean oihu egiten dut.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

4

Argiak ez du estratarik behar

bere ibilbidea egiteko.

 

 

 

 

5

Ez dugu argirik behar

ezerezean murgiltzeko;

eta hala ere,

argia gurekin da.

 

 

 

6

Ezereza bere barrunbe garbian

bakardade betea da,

erabateko infinitua,

hustasun osoa.

 

 

7

Deus gutxi dakigu.

Errorik ez duen arima

maiz islatzen da

gizakion zerizanetan,

lanbropean arnasestuka galtzean.

 

 

 

 

 

 

 

 

8

Itzalen mundua

gauez zein egunez

ager daiteke,

izan ere,

eguzkiak gogor

jotzen duen egunetan

itzalak nonahi

azaltzen baitira.

 

 

9

Hiltzea denborari hustasuna ematea da,

eta hutsa den une hori hutsune da antzaldatzen.

 

 

 

10

Esnatzeak ez du edukirik behar.

Gogoak ez dauka adimenik.

Sorrera unetik, ez da ezer berezkorik badena.

Hautsak ez dauka pausatzerik hutsunean.

Eta hutsuneak barrunberik gabe deusezera garamatza.

 

 

 

11

Deuseza, elikagai

 

Zarataren zama

ezin zabaldurik,

zokoraturik nauka

zorotasunezko zentzuan.

Hots-uhinak ez omen dira sekula geratzen

sentituko dituen oztopoa aurkitu arte.

Inon geratu ezean, infiniturantz dihardute.

Nora doaz bada gure gogoeten uhinak?

Gogoetak hitzen bidez husten dira.

Inork entzun ezean, deusezean barreiatzen dira.

Eta ezereza

hitz goxo eta ederrez

erabat beteta dago.

Edan deuseza

ezerezaz asetzeko!

 

 

 

12

Denboraren oroimena

 

Oraina ohar ttikitan idazten ditudan

hutsalkerien batura jarraia da,

hasperen galduetan ahitzen dena.

 

Gogoetak ahaztu arren

ahazten ditudala oroitzen naiz.

 

Nolatan gogoratu iragana, denboraren iragaitea

xede bakarra ahanztura duen oroimen xumea bada?

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

13

Gizakia mugalari hutsa da,

izatearen eta ez-izatearen tartean

oin-puntetan dabilen izakia.

 

 

14

Etorkizunaren helmugak

Herioren zerumugarekin

topo egiten du.

 

 

 

15

Oteizaren Ebanjeliotik.

 

Hasieran ba zen Hutsa;

eta Hutsa Anphorarekin zen;

eta Anphora zen Hutsa.

Huts hau hasieran Anphorarekin zen.

Dena Hutsaren bidez egina da;

eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.

Harengan zen izatea.

Eta izatea baden guztiaren zerizana zen.

Zerizanak espazioan identitatea lortzen du;

baina espazioak Hura ez zuen onartu,

eta Hutsa eta Anphora banandurik geratu ziren,

Hutsuneari sorrera eta bidea emanez.

Orduz geroztik, Hutsa eta Anphora etengabe dabiltza elkarren bila

inon eta inoiz bateratzen ez direlarik,

Hutsunea izanik bateratze horren hurbilgunerik hurbilena.

 

 

 

16

Nola erpinek eta ertzek

geometria bilatzen duten

formarik gabeko espazioan,

halaxe argiak

pausagunea aurkitu nahi du

iluntasuna nagusi duen mundu honetan.

 

 

17

Begirada altxatzen duzun bakoitzean

zerura begira,

ostertzaz haratago zaude.

 

 

 

18

Ixiltasun

ixiltasun gorena.

Ez dago zalantza esnatuko duen hotsik.

Zure begien azala harantz, haratago.

Eternoa han dago, urrun, atsedenik gabe.

 

 

19

Hutsunearen hatsa

 

Hutsunea sarrera da,

ezerezaren ezkaratza.

Gure ezerezaren sarrera

ahoan dugu,

gorputz biologikoaren

barrunbera garamatza.

Eta gure barne izatearen sarrera

begien hutsuneetan dago.

Argiak kitzikatzen du

betzuloen hutsunea,

barne izatearen ezereza

argiz betetzen dihardugu

edo betetzen jardun beharko genuke.

 

Gure izatea ezereza da,

argiz betetzen den

ezereza duen hutsunea,

argiaren ontzia gara

eta izpi guztien arragoa.

 

Gure izatean,

beste izateetan ez bezala,

izarren argi-printzak

hutsunearen hautsari buruzko gogoeta

bihurtzen dira leunkiro

ezerezari zentzua emanez.

 

Zentzumenetan islatzen da

hutsuneari heltzeko grina.

Baina zentzumen hauekin

hutsunea bera atxikitzea

ezinezkoa denez

eskuetan dugu

bost zentzumenen luzapena,

hatz bat zentzumen bakoitzarekiko,

bost hatz hutsunea osotzen

ezereza etengabe harrapatu nahian.

Betiere ihesi doakigun arren,

ezerezari lurrunezko hatsa dario

eta antzematera gara iristen, hutsunean.

 

Hutsunea

ezerezaren ezkaratza da.

Eta ezerezaren bidetik

infinitura goaz,

infinitua den

osotasun betera.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

20

Credo in Lucem Aeternam

 

Gaizkia ulertzen duen Jainko bat sinesten dut,

gaizkiaren sortzailea ere bera baita,

gizakia eta gaizkia desberdintzen ez dituelako.

Funtsean ezer ez dakien Jainko bat sinesten dut,

gizakiaren existentzia behar duena

bera nor den eta zertarako den ezagutzeko.

Jainko bateratzaile bat sinesten dut,

arrazoia eta sentimenduak bereizten dituen pareta zaharrik gabe

biak ala biak zelai berberean haziko dituen Jainkoa.

Errealitateari zentzua emango dion Jainko bat sinesten dut,

egiaren indarrak bultzaturik, pozaren malkoak ureztaturik

eta maitasunaren arnasak haize emanez

mundua aurrera atera dadin nahi duen Jainkoa.

Eta piztu ez zen Jainko bat sinesten dut,

argia bera dena, inoiz itzaltzen ez dena,

eta berpiztearen beharrik ez duena.

 

(Juan Kruz Igerabideren poema batean oinarriturik).

 

Pello  Otxoteko.

 

 

 

 

Tags: , , ,

No comments yet.

Leave a Reply