GATAZKA: LITERATURA ETA ETIKA

 

20150427193247_a

 

Gatazka: literatura eta etika

 

Aritz  Gorrotxategi

 

          Isiltasun pisua

Orain gutxi, Itxaro Bordak artikulu deigarria argitaratu du Argiaren edizio digitalean, Traumaren tramakizenburukoa. Hartan gatazka armatuak euskal literaturan egin duen ibilbidea aztertu du, gordin eta garbi aztertu ere. “Abertzale lehorretako idazleek, egia, ez zuten gaia anitz eta zuzenki jorratu. Anti-euskaldun izaera leporatuko zitzaiela herabe zitezkeen, espainolismo aitzakian, Aresti baztertua suertatu zen eran”. Bordaren ustez, “nehork ez zuen ezker abertzalegoaren doxa nagusiaren norabidea larriki zalantzan eman”, nondik ondoriozta baitaiteke ideologia jakin batek bahitu antzean eduki duela gure kulturaren zati handi bat. Bahitze horren ondorio izan da Bordak iradokitzen duen isiltasun pisua —dela beldurragatik dela adostasunagatik—, neurtzen zaila dena baina oso presente izan duguna, hura apurtzeko edo salatzeko ahalegina egin duten gutxi batzuen salbuespena kenduta: Jokin Muñoz, Felipe Juaristi, Andu Lertxundi, Saizarbitoria, Inazio Mujika Iraola, Hernandez Abaitua, Olasagarre, Zaldua…

 

100 metro

 

Gogoan dut Maldetan sagarrak liburu kolektiborako artikulu bat idaztea egokitu zitzaidanean, gurean eman zen jauzi kualitatiboa azpimarratu nahi izan nuela. 80ko eta 90eko urteetan, oro har, gatazkaz aritzeko orduan, aktibista/terrorista/gudariaren ikuspegia zen nagusi (Ehun metro, Gizona bere bakardadean, Exkixu, Pasaia Blues…); hau da, ETAren barruan zegoenaren —edo egon zenaren— begirada, hausnarra, noiz zalantzaz betea noiz zirrikiturik gabea zein heroitasunera emana. Eta kutsu psikologikoaren atzean, alabaina, kontzeptu labainkorragoak ikus ditzakegu: traizioa, desenkantua… Galtzailearen ikurrak, batik bat. Belaunaldi baten arrastoak. Sarritan gertatzen da batzuk hasi zuten gatazka ondorengoek jarraitzen dutela eta, segidan, ondorengoen ondorengoek; eta, azkenerako, inork ez du gogoratzen zergatik ari garen borrokan. Minari ordaina bilatzeko ez bada. Yasmina Khadrak oso ondo azaltzen du sentipen hau A quoi révent les loups eleberrian: “Gazteei ez zitzaien axola. Ez zuten iraultza ezagutu. Eta euren amesgaizto puska erreklamatzen zuten”.

 

PASAIA BLUES

 

Koldo Izagirreren Vladimirnarrazioaren azken ataleko pasarte bat datorkit gogora: “Gerra ez duk amaitu…! (…) Ez geunden bakarrik. Gure lagun guztiak ez zeuden kartzelan eta hilerrian…”. Vladimir bizi dela ohartzen dira gazteak, eta narratzaileak erresistentzia zabaldu beharra aldarrikatzen du: “Erresistentzia zabaldu beharra zegoen, zokoak harrotu, bazterrak sutu, etsaia urduriarazi. (…) Udalak festetarako ekarritako zezenplaza mugikorrak su hartu zuen gau batean eta, taldeak, poster bat egin zuen egunkari errekortez, plaza errearen argazkiekin. (…) Zorro batean sartu eta probintziako egunkarira bidali genuen. Gerra ez zela amaitu. Oraindik ez gintuztela derrotatu. Izanen zutela aurrerantzean gure berri”. Nire belaunaldiko idazle askok jo izan dute ildo horretatik, borrokaren eta erresistentziaren estetikaren lilura pean. Justiziari dagokionez, eta inperatibo kategorikoetan sartu gabe, esango nuke sarritan konpara ezinak ziren egoera eta borroka armatuak konparatu direla, are alderaketak zenbaitetan irrigarri (eta axolagabe) izateraino, gurean ezagun egin zen Soweton Euskal Herrian baino hobeto leloaren kasuan bezala. Stalinen pean bizi zen Errusian 30eko purgak heldu zirenean —eta askoz geroago ere— oraindik asko ziren purga horiek bidezkotzat jotzen zituztenak Ideia Nagusiaren (edo Alderdiaren) izenean. Horren erakusle garbi dugu Evgenia Ginzburgen Bertigoa lekukotza gogorra. Hemen ere —kuantitatiboki eta kualitatiboki neurri askoz txikiagoan, jakina— antzeko zerbait gertatu dela esango nuke —eta horrekin ez ditut Euskal Herria eta 30etako Errusia erkatu nahi—, eta sarritan Independentziaren edo Askapenaren ideia (Askapen Mugimenduarena) beste ezeren gainetik egon da, baita pertsonen bizitzaren gainetik ere, eta hura kritikatzea Askapenaren beraren kritikatzat jotzen zen, eta, ondorioz, onartezintzat edo zigorgarritzat. Alde horretatik, aitor dezadan nahiko bakarrik eta aparte sentitu izan naizela nire belaunaldi kideen artean, eta faltan sumatu izan dudala heterodoxia eta diskrepantzia gehiago. Labur esanda, aniztasun gehiago, gauzak kolokan jartzeko joera gehiago.

 

Anthony-Freda-War-Mind-400x445

 

Baina natorren harira. Gure literaturak, nagusiki, ekintzailearen ikuspegia jorratzen zuela esan dut arestian. Haatik, Jokin Muñozen Bizia lorekin eta Andu Lertxundiren Zorion perfektuarekin, esango nuke ikuspegi “berri” bati ateak zabaldi zitzaizkiola. Arreta gatazkaren kalteak jasandakoengan jarri zen, eta, hala, gatazkarekiko ikuspegi etiko bat abian jarri zuten idazleok, Orwell, Camus, Sciascia edota Coetzeeren ildoari jarraiki. Euskal literaturari asko kostatu zitzaion modernitatearen bidetik sartzea, eta modernitatearekin gertatu bezala, hala gertatu zaigu ikuspegi etikoarekin. Kosta egin zaigu bide hori urratzea. Olasagarrek utopiaren desenkantua ekarri zuen hizpidera Ezinezko maletak gogoangarri hartan. Aski ahaztuxea dugun Joxe Belmontek ere egin zuen bere ekarpena, Hamar urte barrunobelarekin. Ondotik etorri dira beste zenbait: Uxue Apaolazaren Mea culpa, Elorriagaren Iazko hezurrak… Baita apur bat baztertuta geratu den Andu Lertxundiren beraren Etxeko hautsa ere, gure herriak bizi izan duen gatazka modu ezin adierazkorragoan azaltzen duena, eskola guztietan gazteek irakurri beharreko liburuen zerrendan jarriko nukeena.

 

 

ayuntamiento-pasaia-58089211

 

Itxaro Bordaren artikulura itzuliz, idazle baionarraren ustez, “mihiak askatzen ari direla dirudi”. Eta zehazten du: “Orokorki, fikzioaren hegal pean, euskaldunon ezpondatik, ez da oraindik bost hamarkadako berunezko txapa galdekatzen, piztia bere baitan handitzen uzteagatik herriaren ardura ikertzen, hainbat denboraz etsaia deituarenganako begirunerik hedatzen, bestearen dolorea ulertze-idazte aldera”.

Belaunaldiak, pertsonak eta gatazkaren nondik norakoak aldatzen doazen neurrian, gatazka literarioki abordatzeko moduak ere aldatuz joan dira. Belaunaldi batek beste bati utzi dio leku. Ikuspegi batek besteari. Eta, batez ere, ETAren zama gainetik kentzeak askatasun ikaragarria ekarri du, eta ekarriko du oraindik ere. Presoen auziak konpontzeak ekarriko duen bezala.

 

        Bertsolaritzaren adibidea

 

Literaturaren kasuaz ari naiz, ezagutu izan dugun isiltasun pisuaz, baina askoz esanguratsuagoa da bertsolaritzarekin gertatu dena. Azken bertsolari txapelketan Amets Arzallusek kantatutako bertsoetako bat izan daiteke bizi izan dugun uztarriaren adibide argigarria. Joxan Rekondok Euskal literatura, larderia eta dogmaren azpian artikuluan gogorarazten digunez, gai jartzaileak gaia eman zion Arzallusi: “egoerak beste aldean jarri zaitu”, eta bertsolariak guardia zibilaren rola hartu bazuen ere, Ezker abertzaleak duen diskurtsoaren moldera hitz egiten zuen guardia zibila entzun ahal izan zen mikrofonoetatik. Arzallusek ezin izan zuen edo ez zuen nahi izan ‘beste aldekoaren’ egoera islatu. Akaso, “hamahiru mila lagun haien aurrean, eta, normalean, ideologia jakin bateko pertsonen aurrean ari zelako kantatu zuen kantatu zuen moduan”, Bernardo Atxagak Argiako elkarrizketa batean aitortzen zuen bezala. Hain zuzen ere, orain urte pare bat egindako elkarrizketa horretan idazle asteasuarrak zera zioen Bertsolari txapelketaren finalari buruz: “Talentu handiko jendea dabil hor, dohain izugarria duena hitzekin, baina zalantzak ditut kontzeptuaz. Irabazle izango zenari halako gaia jarri ziotenean –aita atentatuan hila zuen umearena edo–, eta horri buruz bat-batean kantatu zuenean, haren erantzunak kontzeptuan arazo izugarria zegoela erakutsi zuen. (…) Nik, erretorika guztietatik kanpo, esan behar dut berak esan zuena ez zela kontzeptualki onargarria, ezin zela unibertsala izan, ezin zela eternala izan”. Hamahiru mila entzule zeuden, normalean ideologia berdinekoak, “etxekoa” gogotik txalotzeko eta “etxekoa ez dena” gogotik txistukatzeko irrikatzen.

 

images

 

Maila ideologikoan ematen den jokabide hori oso esanguratsua da. Izan ere, bertsogintzak berritasun ugari ekarri ditu azken urteotan, batez ere estilistikoak eta ikuspegizkoak, baina nik faltan bota izan dut, euskal gatazkaren kasuan, beren buruak paper “deserosoetan” jartzen dituzten bertsolariak. Eta hori ez da erraza normalean ideologia berberekoak diren hamahiru mila pertsonen aurrean. Galdetu Euzkitzeri… Esaterako, bertso-saioetan sarritan agertu izan da kartzelaren gaia (bertsolaria da kartzelan dagoena edo bertsolaria kartzelan duen lagun bat bisitatzera doa), gutxiagotan atentatuarena. Halakoetan, nekez entzungo dugu bertsolaria ekintza armatua jasan duenaren larrura lerrokatzen. Ataka interesgarriak sor litezke hortik baina: “maite dut nire laguna, bat egiten dut haren ideiekin (edo ez), baina hark egindako ekintzek zalantza edo ondoeza eragiten didate”. Giza ikuspegitik ulergarria litzateke. Aberasgarria ere bai ikuspuntu hori jorratzea.

Horixe bera planteatzen du neurri handi batean Aitor Merinoren Asier eta biokfilmak. Zer gertatzen da maite dugun lagun horrek guk ulertzen ez dugun zerbait, guk gaitzesten dugun zerbait egiten badu? Eta egindakoak eginagatik ere, oraindik maite badugu? Haatik, nola hartuko luke publikoak ildo horretako bertsorik? Txalotuko al luke? Euskal gatazkari buruz norberak duen iritzia alde batera utzita, bere horretan ariketa interesgarria iruditzen zait, errazkeriatik eta txalo kutsakorretik ihes egiten duena. Minaren aurpegi guztietara inguratzea ariketa osasuntsua iruditzen zait. Eta fikzioak asko lagundu dezake horretan. Gainera, beste gai askori dagokienez, bertsolariek sarritan jokatu izan dute ikuspuntuarekin (euskal gatazkaren kasuan izan ezik).

 

GernikaTxoria

 

 

Azken batean, zer bilatzen du bertsolariak? Ikuslea hunkitzea, arrazoi borobilak ematea, zirikatzea… Hori ere lor daiteke ikuspuntu ezberdin bat jorratuz, bestearen larruan jarriz, ohiko topikoetan eta norabide bakarkerian erori gabe. Txalogarria litzateke erronka horri heltzea, sorkuntzaren ikuspegitik (eta ez harenetik soilik) desafio ederra litzatekeelako. Baina horretarako presio barik jardun behar da, aske. Eta hamahiru mila lagunek, normalean ideologia berdinekoek, asko inposatzen dute. Galdera da nork jartzen dion presioa bertsolariari: zale horiek ala bertsolariak bere buruari.

Aitzitik, idazleak ez du milaka lagun horien presioa sumatzen, eta, alde horretatik, askeagoa dela esan liteke.

Aritz  Gorrotxategi.

 

ikurrina

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply