IDEIAK ETA PENTSAMENDUA

 

 

thinking_man

 

 

   IDEIAK ETA PENTSAMENDUA

 

Aritz Gorrotxategi

 

 

Pentsamendua deitzen diogu askotan ideia jakin batzuk eusteari, ideia horiei eusteak, berez, pentsamenduari ateak irekiko balizkio bezala. Hala ere, euste ariketa horrek gehiago du fedetik pentsamendutik baino. Ideia jakin batzuk onartzen ditugu, ontzat jotzen ditugu, eta ideiak horiek azaltzeari pentsamendu deritzogu. Baina pentsamendua ideia batzuei eustea baino zerbait gehiago da. Pentsatzen dut; beraz, banaiz, zioen Descartesek. Zentzumenekiko mesfidati, “aurretik jasotako sinesmen guztiez libratzeko erabaki hutsa”ren aldeko apustua egin zuen pentsalari frantziarrak bere Metodoari buruzko diskurtsoan, “pentsatzen dut; beraz, banaiz” famatu harekin biribilduko zuena. “Neure pentsamenduak eraberritzen ahalegintzea eta haiek guztiz nirea izango den oinarri baten gainean eraikitzea, besterik ez”. Pentsatzen dut; beraz banaiz. Baina zer naiz? Hori jakiteko, Descartesek bere burua hustu behar izan zuen, aldez aurretik jasotako ideiak (eta, horrekin batera, ideologia) alde batera utzi, eta hutsetik hasi.

 

Ren--Descartes-006

 

Unamunok koska bat harago eraman zuen Frantziako filosofoaren gogoeta: Zalantzan jartzen dut; beraz, banaiz. Pentsalari bilbotarrak garbi ikusi zuen zalantza zela pentsamenduaren hazia. Haren ustez, zalantzak frogatuko luke norbera bizirik dagoela, eta horixe da gakoa, zalantzan jartzea, ideiak hankaz gora eta atzekoz aurrera jartzea, emana zaiguna aztertu, eta otzantasunez ez onartzeko, benetan bizi garen kontzientzia izate aldera. Lanbro artean baizik ez baikara bizi, ziurtasuna eta erosotasuna nahasten diren lurraldean.

 

Unamuno Heraklitoren kastakoa da: “dena da gertatzen liskarraren arabera”, “gauzen sorrera borrokatik eta kontrajartzetik dator”.

Jesukristok gauza bertsua adierazi zuen metafora zorrotzago baten bidez: “bakea ez baina ezpata ekartzera etorri naiz”. Alegia, ez dezagun bilatu zoriona bakean, gatazkan baizik. Gatazka, zalantza gisa ulertua, gauzak ulertzeko ariketa gisa. Ariketa gizatiarra. Eta Unamuno adituetan aditua zen kontu horretan, “ez badut norekin eztabaidatu, neure buruarekin eztabaidatzen dut”. Are gehiago, Unamunok poz handia hartzen zuen bere irakurleak berarekin bat ez zetozenean, eta bere liburuek haiek pentsaraztera bultzatzen zituztenean. Norbait pentsatzera bultzatzea garaipen bat zen filosofo bilbotarrarentzat. Akaso, lepora dakiokeen bekatu bakarra, zalantza bera bitarteko eta ez helburu bihurtzea izan daiteke. Edonola ere, badirudi pentsatzea eta zalantzan jartzea gauza bertsua direla.

 

UNAMUNO

 

 

 

Hasieran nioenez, ideia batzuei eustea hartzen da pentsamendutzat, baina ez dirudi horretarako arrazoirik dagoenik, ideia batzuk adoptatzea eta haiek defendatzea ez baita, berez, pentsatzea. Loroek ere errepikatzen dituzte hitzak, baina ezin esango dugu hitz egiten dutenik. Gauzak ez daude hain garbi eskuin aldeko pentsamoldeak eta ezker aldeko pentsamoldeak daudela esaten dugunean. Heraklitori edota Unamunori kasu egitera, hor ere ideiez ariko ginateke funtsean, ez pentsamenduaz. Esaterako, “eskuineko pentsamenduak” esan nahiko luke pentsamendu hori bera zalantzan jartzea. Beste hainbeste ezkerrekoarekin. Bitxia da nola harrotzen diren pertsona batzuk beti ideia berdinei eusten dietelako. Ados, baina berriro diot, horrek ez du pentsamenduarekin zerikusirik, fedearekin baizik. Heraklito ere maisu dugu horretan.

 

“Dena jario denez, ezin ibai berbera birritan jaitsi. Ibaia eta gu geu ez baikara dagoeneko lehengoak”.

Aldatu egiten gara. Fedea jarioarekin kontraesanean legoke. Ideia batzuei eustea eta pentsatzea ez da gauza bera. Debate askotan ideien elkartruke bat izaten da, baina ez pentsamendu-truke bat. Egia da ideia horiek behinola pentsamendu izan zirela, baina dagoeneko pentsamendu izateari utzi diote fede bihurtzeko.

 

Sanchez Ferlosioren hitzetan esanda, “ideologia edukitzea, ideiarik ez edukitzea da”.

 

415px-Sanzio_01_Heraclitus2

 

Gaur egun, ordea, badirudi zalantza ez eta nahasmendua dugula sostengu. Nahasmenduan bizi gara, baina ez zalantzan. Galderak egin bai, baina, akaso, ez ditugu gauzak zalantzan jartzen. Ez, behintzat, arestian aipatu pentsalarien moduan. Gauza asko onartu egin ditugu zergatik onartu ditugun pentsatzera geratu gabe. Bestalde, gure zalantzak apalagoak dira: ardo hau ala bestea erosi; lagunekin asteburu pasa joan ala ez joan; kamiseta kolore berdekoa ala horikoa erosi; telefono konpainia batekin ala bestearekin kontratua egin; sare sozialetan norbaiten lagun bihurtu ala ez; Messi ala Cristiano.

 

 

“Neure pentsamenduak eraberritzen ahalegintzea eta haiek guztiz nirea izango den oinarri baten gainean eraikitzea, besterik ez”. Ia laurehun urte eduki arren, esaldiak ez du gaurkotasunik galdu.

 

 ARITZ  GORROTXATEGI.

 

 

10669_01

 

 

Tags: , ,

No comments yet.

Leave a Reply